Akordio eta hitzarmenak gertutik estutu beharreko adostasunak direla adierazi du ELAk, eta hala, sektore arteko hitzarmenak negoziatzeko aukera albo batera utzi du. Negoziaketa hortatik enpresarien neurri gogorretarako legitimazioa ez den ezer aterako ez zela adierazi du Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lan sailak helaraziriko proposamena ere ez du ontzat hartzen ELAk, prekarizazioaren onarpena eta negoziaketaren ahultzea inplikatuko bailuke, beti ere sindikatu abertzalearen aburuz.
Alkartasuna indartuz lelopean hamargarren biltzarra egingo du Barañainen Eusko Alkartasunak. Normalizazio politikoan, egoera sozioekonomikoan eta erabakitze eskubidean sakondu nahi dute. Izan ere, egun indarrean dauden politikek atzera egiteko interesa dutela salatu du alderdiak.
Bidezko merkataritzaren nazioarteko egunarekin batera abiatuko da EkoBira azoka ibiltariaren hirugarren edizioa. Kutxa Ekoguneak antolaturiko kontsumo jasangarriaren aldeko denboraldiko lehen azoka, bihar egingo dute Aretxabaletan. Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek parte hartuko dute.
Donostiako 61. Zinemaldiak badu kartela: Optico. Ikuslearen begia irudikatzearekin batera, zinemaren zailtasunak eta hirurogeigarren hamarkada islatu nahi izan ditu haren egile Toni Pontík. Aurtengoak iazko Zinemaldiaren ildo bera jarraituko badu ere, berritasunak ere izango ditu. Besteak beste, abenturazko kirolen zinema atala, Sagave Cinema.
Ibiomed kinka larrian dago. Ama zelulen bidez gaixotasunak ikertzen dituen proiektuak ez du Kutxatik lehenago jasotzen zuen diru laguntza izango. Horrenbestez, langileak kaleratu eta lan erregulazioa egingo dute. Hau ekiditeko eta Kutxari ikerkuntza babes dezan eskatzeko protesta egin dute.