Joxan Lizarribar, BERRIA Taldeko presidentea, biriketako gaitz baten ondorioz hil egin zen atzo. Enpresaria eta euskaltzalea, konpromiso handia izan zuen Euskaldunon Egunkaria eta Berriarekin. Beilatokian jende askoren agurra jaso ostean, bihar egingo da hileta elizkizuna Donostian.
Obra gonbidatua sailaren barnean, Paul Delvaux margolari belgiarraren "L'appel" lana dago ikusgai, arte surrealistaren gailurretako bat XX. mendeko artista esanguratsuenetako baten eskutik. Kutsu onirikoa duen irudian, naturalismoa eta pintura klasikoaren elementuak hartzen dira, artistaren obran ohikoak diren beste elementu batzuekin uztartuta, eskeletoak kasu. Ez dago erakusketa baten barnean, kuadroa bera da erabateko erdigunean, eta uztailaren 7rarte egongo da ikusgai lana, Bilboko Arte Ederretako museoan.
Jende ugari bildu da Donostiako Bulebarrean, Donostiako gazte auzipetuek han egin duten agerraldian. Eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzeko eskatu dute. Bestalde, Aske Gunea zabaldu dute Bulebarrean bertan, zigortuei babesa emateko gune iraunkorra. Auzitegi Gorenak atzo berretsi zuen Donostiako zortzi gazteri ezarritako seina urteko espetxe zigorra.
Bertan behera utzi zuen atzo Ertzaintzak, Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak Donostian egin behar zuen escrache protesta. Asmoa Jose Antonio Azpiroz PPko diputatuaren abokatu-bulego aurrean protesta egitea zen, baina bi ordu lehenago Ertzaintzak debeku agiria igorri zion plataformari esanez, 300 metrora geratu beharko zirela. Debekua onartu eta legea onartzea erabaki zuten, nahiz eta adierazi protestaldi baketsuak egiten dituztela.
Hamar urte dira hutsunea bera eragin zuenetik. Espazioari buruzko gogoetan oinarritu zuen bere lana. Bolumenaren eta espazioaren arteko analisia irudi karratuen eta esferen bidez. Finean, espazioaren hustuketari buruzko ikerketa. Orion sortutako Jorge Oteiza Enbil, batez ere Zarautzen bizi, eta Donostian zendu zen 2003ko apirilaren 9an. Eskultore eta arte-teorialari gisara estimatua izan zen gurean, eta zer esana eman zuena artearen mundu zabalean. Eduardo Chillidarekin batera, hogeigarren mendeko eskultorerik garrantzitsuena da.